Bloga

5 truko txupetea kentzeko

Guraso gehienek jakingo duzuen bezela, txupeteek asko laguntzen dute haurren urduritasuna baretzen eta eta baliabide lagungarria izan daiteke haien bizitzako lehenengo etapa. 

Zoritxarrez, ez dira bat ere onuragarriak ahoaren garapen egokirako eta haien erabilera gehienez haurrak 2 urte izan arte mugatu behar dugu arazoak ekiditeko. Zuen haurrak txupetea uzteko momentua iritsi bada eta errespetuz eta goxotasunez egin nahi baduzue, artikulu honetan txupetea dramarik gabe kentzeko 5 truko ematen dizkizuet.

1.- Momentu egokia aukeratu: 

Txupeteak lasaitasun iturri dira haurrentzako eta askok ezin dute lorik hartu txupetea ahoan ez badute. Tetinak haurren egunerokotasunetik kentzeko momentua zaila izan daiteke: bolaratxo batez urduriago egongo dira, mimo gehiago eskatuko dituzte eta haien loan ere eragin dezake. Horregatik, gurasoentzako egokia zaizuen momentua aukeratzea ezinbestekoa da: oporrak, lanean libreago zaudeten egun batzuk, etab. Hau da, pixka bat aldrebesak izango diren egun batzuei aurrei egin ahal izateko, ahalik eta lasaien zaudeten bolaratxo bat aukeratu!

2.- Azaldu haurrari txupetea uzteko momentua iritsi dela: 

Oso garrantzitsua da haurrari gertatuko dena abisatzea pare bat egun lehenago, beti ere bere adinari, izateko erari eta heldutasun mailari egokituz, noski. Haurrak txikiak diren arren, uste duguna baino askoz gehiago ulertzeko gai dira. Libururen bat erabiltzea kasu batzuetan lagungarri izan daiteke, adibidez: “Mattin, jadanik txupete gabe dabil”, “Agur txupeteari”.

3.- Pelutxe edo gustuko objeturen bat prest izan:

Hasieran esan dugun bezela, txupeteak lasaitasuna ematen die haurrei. Tetinak uzteko momenturako lasaitasun iturri hori ordezkatuko duen pelutxe, jostailu edota objeturen bat eskeintzen badiegu, prozesua errazagoa izan daiteke, batez ere lehen egunetan.

4.- Tetinan aldaketaren bat egitea:

Aurreko gomendioak ez badira zuen haurrarentzako baliagarriak edota laguntza gehigarri bat behar baduzue, txupetearen tetinan aldaketatxo batzuk egin ditzakezue, adibidez: zulotxo batzuk, punta moztu edota jostorratz batekin hari batzuk lotu. Normalean, haurrek tetinan zerbait desberdina dagoela ikusi eta bere kasa utzi ohi dute txupetea.

5.- Erabakia hartuta badago: tinko mantendu!

Zaila da, badakigu. Baina haurrak negar egin eta segituan berriro txupetea ematen badiegu prozesua berriro ere hasiera hasieratik hasi beharko dugu. Egun txar batzuk pasako dituzuen arren, saiatu zuen haurraren hobe beharrez ari zaretela pentsatzen. Etorkizunean koska egiteko eran arazoak prebenitu ahal izateko eta maxilarren funtzio egokia lortu ahal izateko, txupetea garaiz uztea ezinbestekoa da. Animo!

Zalantza baldin badaukazu, zatoz gure Donostiako klinikara edo deitu 943 27 24 00 telefonora.

Copyright Clinica Dental Urumea ©2023