Category "Uncategorized @eu"

Hain ohikoa izanda ere ere sarri arretarik eskaintzen ez diogun gaitz horren jatorria zein den azaltzen dizugu, garrantzizkoa baita hortz sentsibilitatearen aurrean adi egotea.

Hortzak eskuilatzean, oso beroa edo hotza dagoen zerbait hartzerakoan, ahotik aire hotza arnasterakoan edo giroko tenperatura-aldaketa nabarmena pairatzean (kanpoalde hotzetik barnealde epelera pasatzerakoan) hortzetan mina sentitzea hortz sentsibilitatea daukagunaren seinale izan daiteke.

Ziztada moduko min igarokorra eragiten du sentsibilitateak eta horren jatorria dentina agerian egotean dago. Asko dira hori eragin dezaketen arrazoiak. Dentina hortz nerbioa estaltzen duen geruza da eta, baldintza normaletan, esmalteak eta oiak estaltzen dute. Esmalteak lodiera galdu edo oiak atzera egiten badu, orduan dentina agerian geratu eta sentsibilitatea agertuko da. Zergatik? Oiak adinagatik, gaixotasunagatik edo hortzak gaizki eskuilatzeagatik egin dezakete atzera; eta esmaltearen galera eragin dezakete azidodun edariak hartzeak (fruita-zukuak, freskagarriak edo edari isotonikoak), hortzetako pasta urratzailea erabiltzeak, hortz-tratamendu desegokiek edo bruxismoa bezalako arazoek.

Dentina substantzia porotsua da. Agerian geratuz gero, tenperatura aldaketa bezalako estimuluak ziztada edo min zorrotz gisa antzematen dira estaltzen dituen nerbio-bukaeren bidez.

Beste behin, prebentzioa baliabide eraginkorra da aho-hortzen arazo horri aurre egiteko: hortz sentsibilitatearen aurrean adi egon behar dugu. Ager dadin eragozteko dentina babestuta mantendu behar dugu. Horretarako, hona hemen ohitura erraz batzuk:

  • Aho-hortzen garbiketa: erabil ezazu eskuila leun bat, urratzailea ez den hortzetako pasta eta haria, garbitzeko gaitzak diren lekuetara iristeko. Kontuan hartu eskuila ez dela betiko! (3 hilabetez behin eskuila berritzea komeni da).
  • Elikadura: azido ugari duten elikagaiak, hau da, freskagarriak, edari isotonikoak, zukuak, ozpina, ardoa eta abar neurrian hartu.
  • Ekidin beharreko ohiturak: ez erabili ahoan hortzetan kalteak eragin ditzaketen objektuak (boligrafoak, arkatzak…); saia zaitez hortzen zonalde berean eragiten duten jarduera errepikakorrak saihesten (ekilore-haziak jatea, esaterako) eta ez itzazu erabili hortzak mozteko edo irekitzeko tresna legez.

Eta gogoratu: aho-hortzetako beste edozein gaitzekin gertatzen den bezala, sentsibilitatea izanez gero, beharrezkoa da dentistarenera joatea.

Berak esango dizu zein den horri aurre egiteko biderik egokiena. Beraz, berandu baino lehen, eska ezazu hitzordua.

“Garbitu ongi hortzak!” esaldiak zuzen-zuzenean gure haurtzarora garamatza gutako asko. Zenbat bider entzun ote dugu esaldi hori? Ezin konta-ahala! Baina, hala ere, ba al dakigu zeintzuk diren garbiketa egokirako gakoak? Eta nahikoa al da hori aho-hortzak behar bezala zaintzeko? Jarraian argituko dizugu.

Aho-hortzak egoki garbitzea oinarrizkoa da zure ahoaren osasuna gordetzeko, kariesa agertzea ekiditeaz gain, gaixotasun periodontalen agerpena ere ekiditen baita horrela; mota horretako eritasunek hortz-oi edo hobiei eta hortzen euskarri diren beste ehunei eraso egin eta arriskuan jartzen dute horien sendotasuna. Hona hemen aho-hortzak egoki garbitzeko jarraibideak.

Egunero hortzak garbitzeak bakterio-plaka deusezten du eta hortzoietako ehunen zirkulazioa bizkortzen du. Gomendagarria da hortzak otordu bakoitzaren ondoren garbitzea edo, gutxienez, egunean bi aldiz, aldiro bi edo hiru minutuz. Horretarako, hortzetako eskuila elektrikoa edo eskuzkoa erabil dezakezu. Eskuila txikia izan behar da, leuna eta zurda biribilduna; horiek okertzen direnean, eskuila aldatzeko unea izango da (3 hilabetez behin, gutxi gora-behera).

Eskuzko eskuila erabiltzen baduzu:

1. Jar ezazu hortz-oiaren izkinetik 45º-tara; egin mugimendu txikiak aurrera eta atzera, eta zirkuluak osatuz (eskuila hortzen edo hortzoiaren gainean igurtzi gabe).

2. Ondoren, eskuilatu barnealdeko gainazalak edo haginen atzealdea mugimendu berdinak eginez: aurrera eta atzera, eta zirkuluak osatuz.

3. Irauli eskuila eta erabil ezazu muturra hortzen barrualdeko gainazala garbitzeko, bai goikoena eta baita behekoena ere.

4. Garbitu mastekatze-gainazalak igurtziko bazenitu bezala. Eskuila ezazu mihia eta ondoren garbitu ondo ahoa.

Eskuila elektrikoa erabiltzen baduzu:

1. Piztu aurretik, jar ezazu hortzetako orea eta jar ezazu hortzen kontra (horrela ez duzu zipriztinik botako).

2. Jar ezazu eskuila horizontalki eta mugi ezazu poliki hortzoiaren marran zehar. Manten ezazu eskuila segundu batzuz hortz bakoitzaren gainean.

3. Barrualdeko gainazaletan zehar, eskuila eraman ezazu poliki hortz batetik bestera (jar ezazu eskuila goiko ebakortzen gainean denbora gehiagoz, sarritan hor pilatzen baita lertzo edo sarro deritzona).

4. Garbitu astiro mastekatze-gainazalak, segundu batzutan eskuila hortz bakoitzaren gainean mantenduz. Utz eskuilak lan gehien egin dezan, harizpiek leunki irrist eginez.

Hortzak egoki eskuilatzeaz gain, aho-hortzen garbiketa osatzeko hortz-haria erabili behar da egunean behin. Galde iezaiozu zure dentistari zein den erabili behar duzun hari-mota. Horrekin erraz helduko zara eskuila heltzen ez den bazterretara; hortzak eskuilatu aurretik edo ondoren, pasa ezazu haria hortzen alde bietatik, jarraian zehaztu bezala:

1. Bildu 30 edo 40 zm hari hatz luzean, esku bakoitzeko hatz erakusleaz eta lodiaz hari-zati bat eutsiz.

2. Labaindu haria bi hortzen artean eta mugitu gorantz eta beherantz, hortz banaren kontra zanpatuz. Beharrezkoa da hortz-oiaren ertzaren azpiraino iristea, hor pilatzen baita plaka.

Zubi finkoa baduzu, erabil ezazu hari sartzeko tresna (galde egiozu dentistari), haria zubiaren edo burnien azpitik igaro dadin.

Hauek aho-hortzak egoki garbitzeko jarraibide oinarrizkoak baino ez dira, ez ahaztu klinikan zure odontologo edo higienistak zure behar zehatzetara egokitutako higiene-plana eratuko duela, zure hortz-haginak eta oiak garbi eta plakarik gabe gorde ditzazun. Eta ez egin hutsik aldizkako ikuskaketei, dentistak horietan gainbegiratuko baitu garbiketa-planaren emaitzak behar bezalakoak diren ala ez.

Copyright Clinica Dental Urumea ©2023